Post on 10-Jan-2023
1
Hari arika, ezpainetan hika
2011-04-15 / 11:20 / Josune Zabala eta Maitane Ayerza
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1302859357
Mintzola Fundazioak material didaktikoa sortu berri du hitanoa hezkuntzaren eremuan ere
landua izan dadin. Zumaia izan da egitasmo
honen aitzindaria, eta elkarlan horren fruitu
dira oraingoz www.mintzola/hitanoa gunean
ikusgai diren 8 sekuentzia didaktikoak.
Lehen Hezkuntza 5. mailatik Derrigorrezko
Bigarren Hezkuntza 2. maila arteko materiala
sortu da oraingoz. Aurrera begira, gorako
mailetarako materiala sortzen jarraitzea eta
orain artean gauzatutako lanaren
baliagarritasuna aztertzea da Mintzola
Fundazioaren erronka nagusia.
Material sorkuntzan, elkarlana izan da
bidelagun: Zumaiako irakasleen esperientzia
eta euskara teknikarien laguntzari esker
gauzatu da herriko errealitatera egokitu nahi izan den material didaktikoa. Jarduerak
esperimentatze bidean, Mintzola Fundazioak formazioa eman die irakasleei, eta dagoeneko,
esperimentu bat gertatu da. Lehen materiala landu da Zumaiako ikastetxeetan.
Zumaian abiatu den proiektua eremu zabalagoetara hedatzea ere bada Mintzola Fundazioaren
desioa, eta hari horren jarraipena izango da Azpeitian abiatu berri den lana ere. Irakasleekin
material didaktikoa eraiki, hitanoa ikastetxean lantzeko formazioa landu eta familiaren
transmisioa jorratzea izango da Azpeitian aurten bideratuko den lan nagusia.
Hari arika, ezpainetan hika lelo horixe da Zumaiako DBHko ikasleek egitasmorako
proposatu eta material didaktikoetan darabilguna. Egitasmoaren abiapuntua, ibilbidearen
nondik norakoak eta material didaktikoaren ezaugarriak zein diren, horixe azaldu nahi izan
dugu artikulu honetan.
1. Herriko beharretatik egitasmo zabal batera jauzia
Zumaiako herrian eta inguruneetan hitanoaren erabilera zein ezagutza arloan gertatu den
galera edo "herdoiltze" prozesuaren jabe eginik, bere egoerari itzulia emateko asmoarekin
jarri zen harremanetan Zumaiako Udala Mintzola Fundazioarekin. Arrazoi honek jarri zuen
martxan egitasmoa. Irudikatuz, erregistro honi erreparatzeak lagun lezakeela gazteen arteko
harremana euskaraz izatea (lagun arteko erregistroa bera), eta bide batez, ikasleen hizkuntza
konpetentzien kalitatea hobetzea.
2
Urte beteko lan-prozesuan, Lehen Hezkuntza 5. eta 6. mailarako eta Derrigorrezko Bigarren
Hezkuntza 1. eta 2. mailarako bina sekuentzia gauzatu dira. Orobat, 8 sekuentzia didaktiko
egin dira Zumaiako ikasleek eduki honen gainean duten ezagutza zein konpetentziak aintzat
hartuz, eta maila bakoitzeko curriculumak proposatzen dituen helburu zein edukietara
egokiturik.
Hitanoa Zumaian eta Zumaiako hitanoa
Webgunearen forma hartu duen materialak helburu du euskararen erregistro den hitanoa
lantzea. Euskararen ahozkotasunean gainerako hizkuntzetan bezala, erregistro ezberdinak
erabiltzen dira. Eta hain justu, gertuko hizkuntzetan osasuntsu eta bizirik dirauten 2.
pertsonaren erabilerak euskaraz galera handia izan du: lagun arteko edo egoera informaletako
hitanoak izan du galerarik handiena. Gure ahozko ondareetako bat izanik, erabilera mailan
beharko lukeen prestigioa galdu izan du azken hamarkadetan. Zenbaitek okertzat edo
desegokitzat hartu izan du hika komunikatzea; euskara bizi-bizirik den lurraldeetan
gizonezkoen artean mantentzen da erregistro hau, baina emakumeen artekoa (edo emakumeari
egiten zaiona) ikaragarri murriztu da azken urteetan.
Horrez gain, haren erabilera gramatikala ere okertzen ari dela badakigu: gazteok gero eta
akats gehiago egiten ditugu hitanoa darabilgunean; ez gazteok bakarrik, herrien arabera ere
nabarmentzen da gramatikalki aditza oker komunztatzeko ugaritzen ari den ohitura.
Erregistroari dagokionez ere, komunikazio egoera bakoitzak bere erabilera arauak izan ohi
ditu, eta hain justu, hitanoarekin erabilera arauen kontzientzia eta erabilera egokia ere galtzen
ari dela ohartuta gaude. Gero eta gazte gehiagok kontzientzia galdu du adinaren edo egoeraren
arabera erregistroa aldatzekoa, eta behin baino gehiagotan entzun izan diegu adinduei
errespetua ere galtzen ari direla gazteak.
Ildo horretatik, esan genezake euskarak bere-berea duen erregistroa galtzen ari garela, bere
prestigioa galtzen ari dela, baita erabileraren egokitasuna ere. Are gehiago herri hizkerei
begiratzen badiegu. Euskara estandarrak jarriak ditu hitanoaren arauak, baina herriko hizkeran
ba al dakigu bertako hitanoaren ezaugarriak zein diren? Herriko hizkerari dagokion hitanoa
erabiltzen moldatzen ote gara? Hainbat azterketak dioenez, hitanoaren erabilera arauak eta
egokitasuna eraldatzen ari dira, eta beharrezko ikusten da gune bakoitzeko hizkerari
dagozkion erregistroak ere sustatzea. Helburu horri ere helduko gatzaizkio egitasmo honetan.
Zumaian hitanoa sustatu ez ezik, Zumaiako hitanoa ezagutu edo lantzeko proposamenak ere
baditu material didaktikoak.
3
2. Lan taldea
Elkarlanean bideratua da proiektu hau: Zumaiako euskara zerbitzua, Zumaiako ikastetxe
guztietako hizkuntza irakasleen ordezkariak eta Mintzola Fundazioak elkarrekin eginiko
bidean jasotako azken emaitza da material didaktiko hau. Jardunbide pedagogikoa azken
hauek gauzatua eta alderdi teknikoa Bit&mina ekoizpen etxeak burutua.
Honako lan taldea osatu dugu bidean:
BATZORDE PEDAGOGIKOA
o Zumaiako euskara teknikariak: Josune Herrarte eta Xabier Azkue.
o Zumaiako ikastetxeetako hizkuntza ordezkariak: Marijo Goenaga, Usua
Sorazu, Alfredo Garcia, Itziar Garciarena, Iñaki Andueza eta Mirari Alberdi.
o Mintzola Fundazioaren teknikariak: Maitane Ayerza eta Josune Zabala
BATZORDE TEKNIKOA
o Unai Marzo eta Arkaitz Barriola
3. Material didaktikoaren ezaugarriak
Egitasmoa garatze bidean hitanoa ikastetxeetan lantzeko oinarriak zehaztu dira, eta honako
ezaugarriak ditu egindako lanak:
Ikasle zein irakasleen parte hartzea
Irakasle eta ikasleek izan duten parte hartzea esanguratsua eta baliagarria izan da proiektu
honetan, bai sekuentzia didaktikoak sortzerako orduan zein proiektu hau pertsonalizatzerako
orduan. Izan ere, kostaldeko herria den neurrian Zumaian diseinuaren irudi korporatiboa
herriari egokitutakoa izatea proposatu zuten, bestalde, sekuentzietan agertzen den pertsonaia
kostarekin lotua dagoen animalia bat izatea gomendatu zuten (karramarroa).
4
Bestalde, karramarroa aukeratzeaz gain, ikasleek izenaren eta leloaren inguruan
proposamenak egin dituzte. Honakoak izan dira, guztien artean, aukeratuak:
Lehen Hezkuntza o Leloa: Hi eta ni a ze bi
o Karramarroaren izena: Klax (karramarro arra)
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza o Leloa: Hari arika, ezpainetan hika!
o Karramarroaren izena: Karrami (karramarro emea).
Egungo hezkuntza sistemari egokitua
Sekuentzia didaktiko hauen antolamenduak egungo hezkuntza sistemari eta curriculum
diseinuari erantzuten dio, eta oraingoz 2 ziklotarako pentsatua da materiala:
Lehen Hezkuntza 3. zikloa (10-12 urte).
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 1. zikloa (12-14 urte).
Sekuentzia didaktiko hauen curriculum helburu nagusia da euskarak dituen erregistroak
ezagutu eta erabileran oinarritzea (batez ere, hitanoari dagokionean). Horrekin bat,
hizkuntzekiko eta hiztunekiko jarrera ona lantzen lagundu nahi da, oinarrian alderdi
komunikatiboa jorratzea duelarik. Bestalde, ahozkotasunak ere toki esanguratsua dauka
ahozko jarduera ezberdin eta askotarikoak egin zein bultzatzen baitira bai ingurune hurbilean
baita webgunearen bitartez ere.
Lehen Hezkuntza
Lehen Hezkuntzako zikloetan (10-12 urte) hitanoaren inguruko hurbilketa egiten da, nori
zuzendu behar zaion (testuingurua), zein diren hitanoaren arau sozialak, hitanoaren inguruan
dauden eta ditugun uste okerren inguruan gogoetatzea, aditzean lehen hurbilpena egitea
izango da eginkizun nagusia. Guztia ala guztia ikasleen ingurune hurbiletik abiatuz,
esperimentazio zein gogoetara bideratuz eta jolas zein eginkizun komunikatiboak proposatuz.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12-14 urte), hitanoaren inguruko ezagutzan sakonduz
joango da ikaslea, apur bat lanketa zein helburuak zailduz. Morfosintaxia sakondu eta
sintagmak barneratuko dira, alokutiboaren eta erabilera neutroaren arteko ezberdintasunak
zein arauak barneratzea eta erabileraren inguruko hausnarketa egitea izango da eginkizun
nagusiena. Horrez gain, berriz ere Lehen Hezkuntzan landu diren arau sozialak
berreskuratuko dira, eta hitanoa neskei eta nesken artean lantzeari erreparatuko zaio modu
berezian. Erabilera honen inguruko gogoeta zein praktika errealak egingo dira.
Sekuentzia Didaktikoak: helburuz helburu. Baliabide aniztasuna
Aurkezten diren sekuentzia didaktikoak testuz, irudiz eta bideoz osatuta daude, helburuka
antolatuta. Helburu bakoitzari lotutako jarduerak, entzungaiak eta jolasak topatuko ditu
erabiltzaileak. Egitasmoa Zumaiari lotuta egin denez, Zumaiako errealitate soziolinguistikoa
aintzat hartu da, eta ikasleentzat sortu den materialean herriko bertako erreferentziak eta
5
ereduak txertatu dira motibazio iturria ugaldu eta eremu hurbileko ereduekin lan egin dezaten.
Ingurune hurbileko inputa. Esperimentazio aukerak
Webgunean aurkezten den materialean ikasleek aukera izango dute Zumaiako herritarren
pasarteak entzuteko, herrikideek hitanoa nola erabiltzen duten entzuteko eta ereduak aztertu
nahiz beraiekin jolas egiteko tresnak ematen zaizkie. Ingurune hurbileko inputa jasotzeaz
gain, ingurune urrunagoetara jauzi egiteko aukera ere ematen zaie ikasleei. Pixkana-pixkana,
hitanoaren ezagutza zein gaitasunak barneratu eta aurreratzen doazen heinean, alegia, mailaz
aurrera doazen heinean.
Webgunea: euskarri berria eta baliagarria irakaskuntza-ikaskuntzan
Testu liburua, lanketa fitxak, DVDa edo beste hamaika euskarriren aurrean, webgune bat
eraikitzea erabaki da, hain zuzen, informazio eta komunikazio teknologiek ematen dizkiguten
onurak aintzat hartuta:
Hitanoarekin zerikusi zuzena duten jolasak edonorentzat: material didaktikorik egin
gabe hitanoarekin harremanetan jarri nahi duen edonork aukera dauka orriaren
hasieran proposatzen diren jolasen bitartez erregistro honetara hurbiltzeko.
Harremanak hika txat-aren bidez: ikasle eta gazteen arteko harremana sustatu nahi da
horretarako orri nagusian prestatu den txat-a erabilita.
Ikus-entzunezko ereduak: unean bertan erantsita eta etorkizunean aldagarri diren ikus-
entzunezko ereduak jarri eta berriak erabiltzeko aukera ematen du tresna honek. Ikasle
eta irakasleen arteko harremana sustatzen jarraitzen du.
Ebaluazio sistema eta tresna bat eskaintzen digu materialaren erabileraren inguruan
informazioa ematen duena: zenbat ikaslek parte hartzen duten; zein motatako ikasleak
diren; zein ariketa egiten den gehien, zein gutxien; nola bideratzen diren jarduerak;
etab.
6
4. Ikuspegi didaktikoa
Egitasmoak honako helburu orokorrak izan ditu abiapuntuan, guztiak ala guztiak Hezkuntza
Arautuko ikasleekin landuko direnak:
HELBURUOROKORRAK
LH 5./6. mailak eta DBH 1./2. mailak
Ezagutza eta egokitasunaz:
Hitanoaren erabilera-arau sozialak ezagutzea.
Hitanoaren erabilera egokia bultzatzea.
Hitanoaren zuzentasun arauak ezagutzea.
Hitanoaren kalitatea bermatzea.
Erabileraz:
Gazteen arteko harremanetan, hitanoa sustatzea.
Hitanoaren izateari eustea.
Hitanoaren baitan, transmisioaren garrantziaz jabetzea.
Jarreraz:
Hitanoaren erabilerarekiko aurreiritzi okerrak saihestea.
Genero ezberdinen arteko erabilerak errespetatu eta sustatzea.
Hitanoaren erabilera eta funtzio egokiez jabetzea eta haiekiko begirunea lantzea.
7
Oinarrizko helburu orokor hauek guztiak ondorengo helburu zehatzetan banatu dira irakasle
eta arduradun pedagogikoen artean. Mailaz maila eta sekuentziaz sekuentzia:
HELBURU ZEHATZAK MAILAZ MAILA ETA SEKUENTZIAZ SEKUENTZIA
MAILA HELBURUA AZKEN XEDE KOMUNIKATIBOA DENBORA
LH5 Hitanoa erabiltzearen
garrantzia
Komunikazio plana egitea
(kartelak eta iragarkiak diseinatu) 5 ordu
LH5 Zumaiako hitanoaren
diagnostikoa
Zumaiako errealitatearen inguruko
murala egitea eta ikaskideei
informazioaren berri ematea
5 ordu
LH6 Hitanoaren uste okerrak Laburpen kartel bat egin
(diseinatzeko, jolasa asmatzeko) 5 ordu
LH6 Hikaren inguruan
irudimenarekin jolasean Esketxak diseinatu eta gauzatu 5 ordu
DBH1 Hitanoaren aldaerak
Eredu bat identifikatu-grabatu-aztertu-
identifikatu
eta ikaskideei erakutsi
5 ordu
DBH1
Zein dira hitanoaren
ezaugarri
morfosintaktikoak?
Egoera ezberdinen antzezlana 5 ordu
DBH2 Hitanoaren ezaugarrietan
sakonduz Kantua sortzea eta kantatzea 5 ordu
DBH2 Hitanoa eta neskak Piropo lehiaketa 5 ordu
Noiz eta nola erabili ikasmateriala
Oinarrizko curriculumetik bideratuak diren oinarrizko gaitasunak, helburuak eta edukiak
webgunearen bitartez landu daitezen, hainbat ohar eta azalpen prestatu dira irakaslearentzat
eta honako eduki esanguratsuak ditu:
Ikaskuntza-irakaskuntza prozesua nola ulertzen dugun
Irakaskuntza-ikaskuntza fenomenoa hiru elementu hauen elkarrekintzari esker
gertatzen da: irakaslea, ikaslea eta irakas-ikasgai den objektua -hitanoa, gure kasuan.
Ikuspuntu eraikitzailea da gure irakaskuntza-ikaskuntzaren oinarri. Hemendik
begiratuta, ikaskuntza ezin da ulertu ezagutzen transmisio modura, baizik eta
eraikitzen duten ezagutzaren prozesu modura. Prozesu hori bermatzeko ezinbestekoa
da ezaguna den hiruki didaktikoaren kontzeptua (irakasle-ikasle-objektua). Hirukiaren
erpin ezberdinetan aurkitzen diren elementuak dinamikoak dira, elkarreraginean
daudenak eta unean-unean egokitzen dakitenak; hirurek dute zeresana, hirurek dute
eragina ikaste-irakaste esanguratsuaren bidean (Sainz, M. 2001).
8
Didaktikaren esku-hartze guztietan irakaslea da elementurik garrantzitsuena, azken
batean, berak hartuko dituen erabakiek baldintzatuko baitute ikasleen ikaskuntza zein
motibazioa. Ikasleen barne motibazioa lortzea garrantzitsua da, baina era berean
irakaslearen motibazioa ere ezinbestekoa izango da, bera izango baita materiala
esperimentatuko duena, beraz eta ondorioz, hitanoaren bizipenean sinestea dakar
horrek.
Beste erpinean ikaslea aurkitzen da. Ikasgelan aniztasunarekin egiten da topo, beraz,
ezinbestekoa da diseinatuta dagoen materiala ikasleen GARAPEN ZONALDE
HURBILEAN kokatzea (Vygotsky, 1988). Hori arrakastatsu egin ahal izateko ikasleen
aurrezagutzak neurtu behar dira; sekuentzia hauen hasieran bide hori erakutsiko duten
hainbat galdera aurkezten dira.
Azken erpinean objektua daukagu, kasu honetan, hizkuntza, zehazki lagun arteko
hizkerarako baliagarria den erregistroa: hitanoa.
Argi ikus daitekeen moduan, elkarren arteko eraginkortasuna zein dinamikotasuna
hartu behar dira kontuan. Horrek bideratuko baitu erpin guztiak osasuntsu egotea.
Hiruki didaktikoa eta hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboa aintzat hartuz, honakoei
bereziki erreparatzea proposatzen diegu irakasleei:
o ELKARRERAGINA IKASLEAREN, IRAKASLEAREN ETA
OBJEKTUAREN ARTEAN
Material honetako ibilbide guztian elkarreraginean izango dira ikaslea,
irakaslea eta hitanoa. Hiruki didaktikoaren elementuak beti izango ditugu
buruan (ikaslea-irakaslea-objektua). Materiala webgunea izanagatik ere, hiru
elementuen elkarreragina da landuko dena. Ez da bakarkako ikaskuntza
bultzatuko.
o EZAGUTZA HURBILETIK URRUNERAKO PAUSOA
Materiala egokitu egingo da ikasleen beharren eta dituzten gaitasunetara,
beraien GARAPEN ZONALDE HURBILEAN koka dadin ikaskuntza.
Webgunean proposatzen diren jarduerak bideratu edo egokitzeko garaian
irakaslearen rolak garrantzia handia izango du, berak baitaki taldeko
errealitatearen berri.
Ikasleen ezagutza eta gaitasunak aintzat hartuz, irakasleari egokituko zaio
zenbaitetan materialaren azalpenen bat zabaltzea, murriztea, ideia osagarriren
bat ematea... ikasle guztiek abiapuntu maila bertsuan aurrera egin dezaten.
Irakaslearen esku-hartzeak garrantzia handia du motibazioa, elkarlana,
inplikazioa, ezagutzaren garapena eta konpetentziak bideratzerakoan. Dena
dela, materialean zehazten diren jarduerak eta kontsignak lagungarri izango
dira bide horretan.
9
o IKASLEAREN AUTONOMIA
Ildo beretik, aukera izango da zenbait kasutan ikasleek euren kaxara lan
egiteko. Ikasleen autonomia garatzeko jarduerak ere txertatu baitira
materialean.
o MOTIBAZIOAREN LANKETA eta PRAKTIKA ERREALAK
Irakasle zein ikasleen motibazio intrinsikoa (pertsonaren barrendik ateratzen
den motibazioa) bideratzeko nahia sustatzea dagokigu, eta horri begira antolatu
dira sekuentziaturik jarduera edo eginkizunak.
Oinarria praktikotasunak izango du. Praktikatik abiatuko gara eta praktikan
amaituko dugu.
o EBALUAZIO ESANGURATSUA
Ikasi eta praktikatutakoaren gaineko ebaluazioa eta gogoeta sustatu nahi izan
da material honetan. Sekuentzia bakoitzaren hasieran, bitartean eta amaieran
gogoeta eta ebaluazioa bideratzen duten jarduerak nabarmentzekoak dira,
ikaskuntza prozesuan baliagarri izango baitira bai irakaslearentzat, bai ikasle
bakoitzarentzat.
Ildo beretik, ikasleak egingo dituen jarduera, jolas edo lanketa guztietan
aurrera begirako jarrera aurkezten zaio. Egiten ikasi dena nabarmentzen da eta
lehia edo jokoa saihestu.
o ADI AURREIRITZIEI
Hitanoaren ikaskuntza-irakaskuntza berria eta berritzailea da. Oraintsu artean
oso eremu gutxi zein bakanetan landu izan da hitanoa ikastetxean. Hitanoa
ikasi eta irakasteko izan genitzakeen aurreiritziak lagungarri edo kaltegarri izan
daitezke. Ildo horretatik, gomendatzen dugu, hasiera-hasiera batean gai honen
gaineko gogoetak piztu daitezen ikasgelan, taldeko beldur eta aurreiritziak
bertan landu daitezen. Eta horiek landurik abia daitezen ikasleak "abentura"
honetan.
10
5. Zergatik webgunea?
Material didaktikoa webgune bidez bideratzeko arrazoi nagusietako bat izan da teknologia
berriek ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan lekarketen balio-erantsia. Izan ere, sekuentzia
didaktiko hauetan bereziki nabarmentzekoak dira honako ezaugarri berritzaileak webgunea
bitarteko izaki aberasten dutenak:
Ludikotasuna
Jarduerak eta azalpenak ludikotasunez aurkeztu dira: marrazki bidez, jolasak
aurkeztuz, kantuak eskainiz, ikasleen arteko elkarrizketa txat-aren bidez landuz…
Entzun eta irakurri
Pertsonaia nagusiek (Klax eta Karrami karramarro ikertzaileak) ikasleekin hitz egiten
dute. Lokuzioa dute euren jardunek. Ikasleek euren hitzak entzun eta irakurtzeko
aukera dute.
Testu mota anitzak
Testu idatziek, ahozko testuek eta ikus-entzunezkoek elkarrekin osotasun bat egiten
dute. Euskarri ezberdinak erabiliko dituzte ikasleen jarduerak gauzatzeko garaian.
Ikasleen autonomia eta irakaslearekiko harremana
Ikasleen autonomia eta irakaslearekiko harremana lantzen dira webgunean aurkezten
diren jardueratan elkarrekintza sustatuz.
Eraikitzailea
Ikasleak egingo dituen jarduera, jolas edo lanketa guztietan aurrera begirako jarrera
aurkezten zaio. Lehia edo jokoa saihestuz, ikuspegi eraikitzailetik landu dira
sekuentziak zeinetan ikasleak beti izango duen aukera erantzun egokiena topatzeko,
atzera egin nahiko balu berriz itzultzeko, emaitzen berri izateko, bere lorpenen berri
izateko...
Ebaluazioa
Webgunearen bitartez, ikasle bakoitzaren jarraipena, bere ebaluazioa, jarduerak
gauzatzeko behar izan den denbora eta gisakoak ebaluatu zein aztertzeko datuak
jasoko ditu bai irakasleak, bai material sorkuntzan eta behaketan diharduen teknikariak
ere. Ebaluazio datu objektiboak jasotzeko aukera izango da webgunearen bitartez.
Irisgarria eta erraza
Irisgarritasuna eta erabilerraztasuna lehenetsi dira alderdi teknikoari dagokionean.
Ikasle zein irakasleentzat erraz suertatzen da webgunearen erabilera eta adin tartearen
arabera egokitzen da zailtasun/erraztasun maila.
11
6. Ondorioak eta aurrera begirakoak
2010/2011 ikasturtean hasiak gara material didaktiko hau ikastetxeetan lantzen. Hasiera
batean, webgunean aurkezten den lehen materiala erabili dute 10 urtetik 14 urtera arteko
gazteek. Lehen emaitza jasota dago, eta ondorioak ateratzea izango da hurrengo lana.
Orain arteko lana ebaluatzea, azterketak egitea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako
hurrengo mailetarako materiala eraikitzen jarraitzea izango da hurrengo lana. Irakasleekin
lanean jarraitzea, hain zuzen, eta webgunearen edukiak egokitzea.
Zumaian ez ezik, Azpeitian ere ildo beretik heldu zaio egitasmoari. Material sorkuntzan eta
irakasleentzako formazioa diseinatzen ari gara.
7. Bibliografia
Baliabide didaktiko eta informazio iturri izan diren webgune esanguratsuak:
o http://www.ahotsak.com
o http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1055937391
o http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1057320285
o http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0014.pdf
o http://www.eitb.com
o http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2009/12/04/sociedad/euskadi/hitanoa-
pizten-ari-duk-baina-erabiltzen-dugun-eredua-ez-duk-oso-txukuna
Baliatutako liburu eta artikulu esanguratsuak:
o Azkue, X. (1998) "Hitanoa Zumaian". Itxaropena, Zarautz.
o Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila (2007): 175/2007 DEKRETUA,
urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren
curriculuma sortu eta ezartzekoa. EHAA, 218.
o Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila (2010): 97/2010 DEKRETUA,
martxoaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntzaren
curriculuma sortu eta ezartzeko den Dekretua aldatzen duena. EHAA, 72.
o Lizartza, R. (2009) Hitanoa. Mintza hadi, lagun! Hika egiten ikasteko
eskuliburua. Mara-mara, Donostia.
o Sainz, M. (2001) "Hizkuntza didaktikaren erronka berriak". UEUko Helduen
Euskalduntzearen IV. jardunaldiak.
(JOSUNE ZABALA ALBERDI Mintzola Fundazioaren zuzendaria da; MAITANE
AYERZA MUJIKA Mintzola Fundazioaren teknikaria da)